Luze egon naiz hainbat proiektu egiteko asmotan, baina horiek burutu gabe zer esango zuten beldurrez, kritikatua eta epaitua izatearen beldurrez, onartua ez izatearen eta baztertua izatearen beldurrez.
Baina badakizue zer? PIKUTARA BELDURRA! Ametsak suntsitzen ditu, baita ukitzen duen guztia ere.
Egozentrismo kutsua duela dirudi, baina baztertua izatearen beldurra eta zerbaiten parte izaten saiatzearen beldur sakona ere, txikitan jasandako homofobiak eragin zizkidan. Bai azazkalak margotzen nituenean, barbiekin jolasten nintzenean, baita mutilekin baino neskekin erosoago sentitzen nintzenean. Eskolan mutil askok zirikatzen ninduten, haiek espero zuten matxitoa ez nintzelako.
Gogoan dut behin harriak bota zizkidatela 15 urte nituenean marikoi oihukatuz.

14 urterekin armairutik atera ondoren, udan herrietako festaz festa ibili nintzenean, mutil horiek iraintzen ninduten eta erantzuna gordetzen nuen isilik geratuz. Guzti horrek dakarrena pairatzen, noski, nire autoestimuan eta konfiantzan min eginez eta segurtasun falta eta beldur handia sortuz. Horiek nire jokabide bihurtu ziren eta aurrerago profesionalen laguntzarekin lantzeko aukera izan nuen.
Eta bai, gaur “de puta madre” sentitzen naiz... lan egin dudan guztiarekin eta oraindik ere lanean jarraitzen dudanarekin.

Bururatu zitzaidan eta gauzatu nuen proiektuetako bat Anitzak elkartearekin lankidetzan aritzeko egin nuen argazkia izan zen, eta ez nuen zalantzarik izan Bilbon dugun makillatzaile onenetako baten eskuetan jartzeko: Noelia. Makillaje estudioa du eta bere ikaslea naiz (Noelle make up studio).
Noeliak duela zenbait urte egindako makillaje eta karakterizazio lan baten argazkia erakutsi zidan, genero indarkeriak eragindako erasoak oihu gisa aldarrikatzeko. Bertan andrazko ilehori eder biluzi bat agertzen zen, gerritik gora bularrak estaltzen, aurpegiaren erdia makillatuta eta gorputza lesiorik gabe eta beste erdia ubelduraz eta lesioz beteta.
Txundituta utzi ninduen! Eta inspiratuta ere: argazki hau egitea bururatu zitzaidan. Gorputzaren erdia drag bezala eta gorputzaren beste erdia lesioekin makillatzeko ideia Noeliari kontatu nion. Aurpegi-erdiko bizarra moztea ere bururatu zitzaidan, inpaktu handiagoa eragiteko eta lortu genuena lortzeko. Gaur egun eta egunez egun kolektiboa bizi duen eraso LGTBIQ+fobikoari oihartzuna eta aldarrikapena egitea eta ikusgarritasuna ematea, errespetua eta maitasuna sustatzeko.

Bai, bai! ia 5 orduko lanaren ondoren proiektu oso polita geratu zitzaigun.
Testua eta argazkia hein batean katarsia izan dira niretzat, beldurretatik pixkat gehiago askatuz eta nire testigantzak isilik sufritzen duen jende gehiagori lagunduz.
Eskerrik asko, Anitzak eta Noelle.
Zigor